XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina hizkuntza baten salbazioa ezin utz daiteke, soilki, belaunaldi gazteenen eskuetan.

Horrela, euskara ikasi beharra haurren lepoan uztean, edozeinek esango luke pertsona helduek beren gainetik kendu nahi dutela erantzunkizun hori, beraiei ere ez balegokie bezala.

Bizitzeko, ordea, euskarak, edozein hizkuntzak bezalaxe, belaunaldien arteko zubi izan behar du, zahar eta gazteen arteko komunikabidea.

Egia da, ordea, adin guztiek ez dutela beti hizkuntza ikasteko aukera bera izaten.

Gazteagoek maiz denbora eta sasoi hobea izaten dute lan hori azken helbururaino eramateko, baina horrek ez du esan nahi helduek ezertxo ere egin behar ez dutenik.

Kanpoko herrialdeetatik ibiltzean, guztiok ikasi ditugu kale-merkatari horiek, turistak erakartzen saiatzen direnak.

Guztiek dakite beren produktuak saltzeko behar dituzten esaldiak hainbeste hizkuntzatan esaten: ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz, espaineraz, katalanez... eta inoiz euskaraz ere bai, arabiarren artean behin baino gehiagotan ikusi eta entzun dugunez.

Eta, horiek horrela, ez al da lotsagarria hemengo jendeak, bizitza osoan Euskal Herrian bizi izanda, beste horrenbeste ez ikastea?.

Haiek baino tontoagoak ote ditugu ba?

Beharbada errua irakasleona ere izan daiteke neurri batez.

Pertsona helduentzako klaseak antolatzen, askotan horiei geure hizkuntzaren xehetasun eta aberastasun guztiak banan-banan azaltzen saiatu izan gara, gure ikasleek euskara filosofia existentzialista azaltzeko beste beharko balute bezala, horien egunerako euskal premiak askoz ere urriagoak eta errezagoak zirela konturatu gabe.

Ez al zatekeen hobe izango pertsona horiei euskara-maila apalagoa eta beren premiei egokiagoa irakastea?.

Horra hor, nire ustez, helduen euskalduntze-alfabetatzea serioski konpontzeko aurrean duen desafioa.

Kalerako gutxienezko euskara bultzatzea, zer ordu den, surik ba ote dugun, halako plaza non den eta horrelako izkirimiriei erantzuten jakiteko, merkatarientzako astebeteko ikastaroak, bezeroekiko tratu normala euskaraz nola egin irakasteko; gurasoentzako hasi-masizko elkarrizketak, beren seme-alabekin oinarrizko euskal komunikazioa ezartzeko; taxistentzako euskara, bezeroei nora joan nahi duten eta taximetroak markatzen duena euskaraz esan dezaten, ertzainentzako euskara, beren orain arteko erdaraz mesedez diskriminagarri horretatik behingoz irten daitezen, autobusekoentzako euskara, politikarientzako euskara, medikuentzako euskara, kirolarientzako euskara... eta abar luzea.

C) Nola borobilduko zenuke artikulu hau?, hau da, zein konklusio gaineratuko zenioke?.

Idatz ezazu zazpi bat lerrotan testuaren amaiera.

Amaitutakoan, konparatu zure ondokoarekin eta azkenean, irakasleak irakurriko dizue X. Kintanak idatzi duena.

D) Konklusioa idatzi eta konparatuta, denon artean eta ahoz, testuan ematen diren ideia nagusiak ateratzen saiatuko zarete.